Solas egiteko ipuinak, formatu berrian

Solas egiteko ipuinak liburu digitalean  

Ikasturte honetan, Osasunkume programak formatu berrian eskainiko du Solas egiteko ipuinak proiektua: oso-osorik euskaraz izango da, audio-liburu erako formatu digitalean. Modu horretan, “eskola 2.0” izeneko hezkuntza mota berrira egokituko gara.

“Solas egiteko ipuinak” tresna klasiko bihurtu da Euskadiko ikastetxeetan, baina, urterik urte, erabilera berrietara eraldatuz joan da. Une honetan, “eskola 2.0” kontzeptua agertu da, eta, horren bitartez, ezabatu egin nahi da teknologia berrietara sartzeko aukera duen eta ez duen jendearen arteko eten digitala. Hori dela eta, alfabetatze digitalaren maila honi eman dakizkiokeen eduki eta erabilerei buruzko hausnarketa piztu da. Kontua ez da soilik formatu digitalera pasatzea lehen paperean zegoena; haratago doan kontzeptua da. Irakaskuntzaren kontzeptua bera da aldatu beharrekoa: ikasten lagunduko dion tresna bat eskaini behar zaio ikasleari, trebeziak eskuratzen lagunduko dion tresna bat (adibidez, talde-lana). Era berean, tresna horrek elkarrekintza sustatu behar du; izan ere, irakasleek ezagutzak igortzeak eta ikasleek ezagutza horiek jasotzeak pasibotasuna dakar.

Ikuspuntu berri horretatik, “Solas egiteko ipuinak” proiektua ikasketa mota horren parte izan daiteke. Tresna hau webgune batean aurkeztuko da, eta, bertan, erabiltzaileek 10 ipuin hauek aurkituko dituzte:


  • “Lagunen eskua”
  • “Hitzez hitz”
  • “Hainbat hobe norbaitekin”
  • “Korrika egin eta kontatzea”
  • “Esaten dutena esaten dutela”
  • “Automobilek loditzen dute”
  • “Komunaren hondamena”
  • “Harat-honat korrika”
  • “Letratxoa”
  • “Oso familia normala”

Ipuinek osagai interaktiboak izango dituzte, ipuina irakurri ahala berau entzuteko aukera ere egon dadin, ikasketa eraginkorragoa ahalbidetzeko asmoz.

Ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailaren babesa izan du, eta bi helburu nagusi ditu: haurren artean euskarazko irakurketa sustatzea (webgunea euskaraz egongo da oso-osorik), eta Lehen Hezkuntzako ikasleek Bizitzarako Trebetasunak eskura ditzaten laguntzea.

Laster jakinaraziko dizuegu zein webgunetan eskuratu ahal izango duzuen tresna hau. Ea gustatzen zaizuen eta zuen eguneroko zereginetarako baliagarria den.

Erlazionatutako URL helbideak

www.osasunkume.net


(c) Edex 2001-2007