Bizitzaren Abenturak ikasturte berria hasiko du Latinoamerikako ikastetxeetan
 |
| Osasunkume ikasleen artean | |
Erakundeen arteko lankidetzari eta instantzia publikoen diru-laguntzari esker, Latinoamerikako hainbat herrialdetako 52.000 eskola-umek aukera izango dute Bizitzaren Abentura programan murgiltzeko.
EDEXen Lankidetza Sailak, lankidetzarako zenbait proiekturen bitartez, aukera ematen die Latinoamerikako hainbat herrialdetako ikastetxe ugariri zenbait material eskuratzeko eta, horrela, Bizitzarako Trebetasunak eta bizimodu osasungarriaren gaia ikasgelan lantzeko.
Portugaleteko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak babestutako proiektu bati esker, eta “Fe y Alegría” erakunde kolonbiarraren eskutik, gure programa Kolonbiara helduko da. Proiektu biren uztarketa baliatuz, “hobetu egingo da Kolonbiako komunitate ahuletako haur eta gazteen hezkuntzaren kalitatea; izan ere, 960 emakume eta 355 gizon bizitzarako trebetasunen arloko hezitzaile gisa trebatuko dira”. Proiektu honekin, Bizitzarako Trebetasunen arloko prestakuntza eman nahi zaie bost eskualdetako irakasleei (hain zuzen ere, “Fe y Alegría Colombia” erakundeak zazpi eskualdetan egiten du lan, eta, horietatik, bost eskualdetan aplikatuko da ekimena), eta, era berean, proiektuaren barruan sartuko lirateke umeentzako etxeak, eskolak, ikastetxeak eta garapen komunitarioko programak. Beste alde batetik, “Kolonbiako hiri nagusietako auzo periferikoetan bizi diren komunitate ahuletako umeen trebetasun psikosozialei buruzko hezkuntza-prozesuak indartu nahi dira”, eta, ondorioz, Bizitzarako Trebetasunen arloko lana sendotu nahi da, “Solas egiteko ipuinak” ekimena eta Bizitzaren Abentura programa aplikatuz “Fe y Alegría Colombia” erakundearen Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan.
Bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak babesa eskaini du Bizitzaren Abentura Dominikar Errepublikan aplikatu ahal izateko. “Casa Abierta” erakunde dominikarraren eskutik, 8 eta 11 urte bitarteko 4.988 neska-mutikorengana helduko gara (3.012 neskato eta 1.976 mutiko). Ume horiek Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan daude, Dominikar Errepublikako Santo Domingo hiriko auzo periferikoetako 13 ikastetxetan. Programak eskaintzen dituen ikasketek bizitzarako trebetasun eta ohituren arloa sendotzen dute ikasle bakoitzarengan, eta, modu horretan, aurre egin diezaiekete egunero bizitzen dituzten egoera zailen inguruko erronkei.
Lankidetza-proiektu hauei esker, Bizitzaren Abentura oso leku desberdinetara heltzen da; besteak beste, Kolonbiara edo Dominikar Errepublikara. Leku horietako eguneroko errealitateak oso desberdinak dira, baina programak eskaintzen dituen ikasketak zinez dira baliagarriak, han zein hemen.
Erlazionatutako URL helbideak
www.osasunkume.net
|