Bizitzarako Trebetasunak, Krisi Garaietako Nerabeen Biltzarreko hari nagusia

Batzarraren momentu bat  

Proposatutako gaien interesa eta hizlarien kalitatea zela eta, profesional ugarik bete zuten egunero Portugaleteko Nautika eta Itsas Makinen Goi Eskola Teknikoko Ekitaldi Aretoa.

Ekimen jendetsua

Biltzarra Portugaleteko Udalak antolatu zuen, EDEXen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin, eta Mikel Torres Portugaleteko alkateak eman zion amaiera. 600 pertsona baino gehiago bildu ziren bertan, Biltzarrak iraun zuen bitartean.

Prentsak ekitaldiarekiko interesa agertu zuen, bertara joanez edo telefonoz deituz hizlari eta antolatzaileei. Euskal Telebista, Antena 3, Herri Irratia, COPE, Deia, El Correo, El Mundo, ADN… izan ziren gurekin egondako komunikabideetako batzuk.

Ondorio baliotsuak

Biltzarrean, nerabeek gaur egungo gizartean duten testuingurua aztertu zen. Gure adin txikikoek lehenagoko bezalako erronkak dituzte, baina garai hauei dagozkien ezaugarri zehatzekin. Besteak beste, hauek nabarmendu beharko lirateke:

·         Migrazio-mugimenduak; izan ere, mugimendu horien ondorioz, belaunaldi berriek bizi dituzten errealitateak ez dira orain arte ezagutu ditugun berberak.

·         Kualitatiboki desberdina den belaunaldia da; izan ere, gizarteratzeko eta informaziorako kanal berri bat dute: Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.

·         Hutsunea balioen hezkuntzaren alorrean (lehen, familiak eta irakasleak zeuden alor horretan).

·         Nerabeen partaidetza handiagoa familiaren kontsumo-ekonomian.

Bizitzarako Trebetasunak

Trebetasun psikosozialak oso garrantzitsuak dira, nerabeei erronka berrietarako tresnak emateko, oraindik ere behar bezala landu gabeko arloa bada ere.

Nor arduratuko da beraien entrenamenduaz? Ezin dugu ahaztu gai honen inguruan denok hartu behar dugula parte: hezkuntza formaleko profesionalek, hezkuntza ez-formaleko profesionalek, eta familiek.

Bizitzarako Trebetasunek zeharkako presentzia izan zuten Biltzar osoan, eta bi unetan landu ziren modu esplizituan:

  • “Zintzo-mintzo”. Drogen kontsumoa saihesteko eta nerabeen ongizatea sustatzeko asmoa duen hezkuntzako komunikazio-estrategia. Iván Darío Chahín Pinzónek aurkeztu zuen panel hau, maisuki aurkeztu ere. “Bizitzarako Trebetasunak. Ikasteko eta irakasteko gidaliburua” liburuaren egileetako bat da. Nerabeekin 10 trebetasun psikosozialak garatzeko tresna bat aurkeztu zuen, marrazki bizidunen formatuan egindako kontakizun laburrak erabiliz. Modu horretan, elkarrizketa pizten da. “Zintzo-mintzo” ekimenak nerabeen gizarteratzeari buruzko funtsezko 5 gai jorratzen ditu: alkoholaren kontsumoa, beste droga batzuen kontsumoa, elkarbizitza, hezkuntza afektibo-sexuala, eta partaidetza.
  • Bizitzarako Trebetasunak eta drogamenpekotasunen prebentzioa. Hilario Garrudok eta Nerea Jiménezek dinamizatutako 4 orduko bi tailer, non gai hau lantzeko ildo nagusiak eskaini baitziren.

Haurtzaroa, aldez aurreko etapa gisa

Biltzarrean nerabezaroari buruzko gaiak jorratu baziren ere, haurtzaroari buruzko hausnarketarako tarteak ere egon ziren, hori baita nerabezarora igarotzeko derrigorrezko aroa. Hala izan zen, adibidez, Iñigo Lamarca arartekoak aurkeztutako hitzaldian, non haurrek etxeko berdintasunezko lan-banaketari buruz duten ikuspuntuari buruzko datu esanguratsuak eman baitziren. Datu horien arabera, argi geratu zen esparru honetan lan egin beharra dagoela; izan ere, estereotipo sozialei jarraituz, etxeko lanen zama guztia emakumeei uzten zaie, eta estereotipo horiek belaunaldi berriengan ere irauten dute.

Erlazionatutako URL helbideak

www.adolescentesencrisis.org


(c) Edex 2001-2007