Osasunkume programak Valentziako Generalitaten egiaztagiria jaso du
 |
| Irakaslearen gida | |
Osasunkume Lehen Hezkuntzako prebentzio programak Valentziako Generalitaten egiaztagiria jaso du, Generalitateko Prebentziorako Batzorde Teknikoaren derrigorrezko txostena onartua izan ostean.
1989an sortu zenetik, Osasunkume programak bilakaera prozesua izan du eta zenbait norabidetan zabaldu da. Alde batetik, soilik Euskadin aplikatzetik (bertan sortu zen, EDEXen eskutik), Espainiako zortzi autonomia erkidegotan modu zabalean garatua izatera pasatu da, eta, horrela, batez beste, urtean 100.000 ikasle inguruk lantzen dute programa hau. Programa zenbait lurraldetan aplikatzen denez (tartean, Euskadin eta Katalunian), proposamen didaktikoa tokian tokiko errealitate eleaniztunera egokitu behar izan da.
Era berean, penintsulatik kanpora ere, programak proiekzio nabarmena izan du. Besteak beste, 1994tik hona, Latinoamerikako hamabost herrialdetan aplikatu izan da, eta ehunka mila ikaslek landu dute, tokian tokiko GKEekin egindako garapenerako proiektuen barruan. Eta, duela lau urtetik hona, Andorrako Printzerriko hiru hezkuntza-sistemetan (gaztelania, katalana eta frantsesa) ere aplikatzen da.
Berrikuntzaren aldeko apustua
Beste alde batetik, programaren jatorrizko euskarri didaktikoak (kromoen album bat Lehen Hezkuntzako etapa osorako eta irakasleei zuzendutako gidaliburutxo bat) dibertsifikatuz joan dira, eta, gaur egun, kromoen albumez gain (duela zenbait urtetik hona, maila bakoitzeko album bat eskaintzen da), izaera eta formatu desberdineko zenbait euskarri ere eskaintzen ditu (inprimatuak, ikus-entzunezkoak eta elektronikoak), denak ere Lehen Hezkuntzako etapa osoari zuzendutakoak, 6tik 11 urtera arteko tartean. Euskarri horien artean daude, besteak beste, “Osasunkume” ikus-entzunezko bilduma: 12 bideo dira, bakoitza 20 minutukoa; bertan, hezur-haragizko umeek programaren gai nagusiei buruzko zenbait gorabehera eszenifikatzen dituzte.
Hortxe dago, era berean, “Solas egiteko ipuinak” produkzioa, irratiko serie gisa (44 istorio dira) eta telesaio gisa (30 istorio animatu, bakoitza hiru minutukoa). Modu berean, idatzizko 10 ipuinez osatutako bilduma batek umeen eskubideen berri ematen die familiei, eta www.cuentosparaconversar.net webgunea ere erabil daiteke (gaztelaniaz, euskaraz eta katalanez).
Programaren etengabeko eraikuntza-prozesuari amaiera emateko, familientzako gidaliburu bat dago (“10 urrats seme-alabei alkoholaren eta gainontzeko drogen erronkari aurre egiten laguntzeko”). Gidaliburu hori, idatzizko bertsioan ez ezik, formatu elektronikoan ere kontsultatu daiteke (http://www.edex.es/10pasos/).
Programaren egiaztagiria
Valentziako Generalitatek, Espainiako beste zenbait autonomia erkidegok bezala, egiaztatze-prozedura bat dauka zehaztuta, erkidego horretan garatu nahi diren programa guztiak aztertzeko. Prozedura horren arabera, txosten bat aurkeztu behar da, bertan zehaztuz programaren izaera, marko kontzeptuala, metodologia, euskarriak, ebaluazioak eta emaitzak. Txostena lehen aipatutako Prebentziorako Batzorde Teknikoak aztertzen du, eta batzorde horrek erabakitzen du programari egiaztagiria eman dakiokeen. Halaxe gertatu da Osasunkume programarekin, bere garaian “Hordago! Drogen erronkari aurre egitea” programak ireki zuen bidetik joz.
Erlazionatutako URL helbideak
www.laaventuradelavida.net
|