Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa, Agenda 21ekin bat

Ingurugiroko Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa  

Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioko Euskal Zentroak (ZERBIKAS) elkarrizketa bat egin zion José Manuel Gutierrez Bastidari. Ingurumen arloko Heziketan masterra dauka Bastidak eta Ingurumen Hezkuntzaren alorko unibertsitate aditua da. Elkarrizketa honetan, Agenda 21eko Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren alderik hurbilena ikus dezakegu. Ingurumena zaintzearen ondorioz, lehen hezkuntzako ikasleek zenbait balio ikasten badituzte, ekologiaren kontzeptua sartzen da tartean, eta, orduan, Ikasketa eta Zerbitzu Solidario ekologikoaz berba egin dezakegu.

Dakizuenez, aurtengo Osasunkume lehiaketak Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa du gai nagusitzat. Elkarrizketa honen bitartez, irakasleei lagundu nahi diegu fenomeno hau hobeto ezagutu dezaten, izan ere, batzuetan gerta daiteke ikastetxeak mota honetako jardueraren bat egiten egotea, hala nola, Agenda 21. Osasunkumetik, irakasleak animatu nahi ditugu gisa honetako proiektuak egitera, eta Osasunkume lehiaketara aurkezteko aukera aprobetxatzea, ondoren, Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa programan izandako esperientziak konta diezazkiguten.

José Manuel Gutiérrez Bastida maisua da, Ingurumen arloko Heziketan masterra egin zuen eta Ingurumen arloko Heziketan Unibertsitate aditua dugu. 20 urte daramatza ingurumen arloko hezkuntzan lan egiten: 11 urte Sukarrietako Eskola Saiakuntzarako Zentroan eta 4 urte Ingurugelan.

Zer da Ingurugela-Ceida eta Eskolako Agenda 21?

Ingurugela unibertsitatez kanpoko hezkuntzako zentroei laguntza espezifikoa ematen dien zerbitzua da, batez ere, ingurumen arloko hezkuntzaren gainean. Zerbitzu hau 1990. urtean sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen Sailek adostu ondoren. Bere funtzioen artean, besteak beste, prestakuntza, aholkularitza, ikerketa, material didaktikoak egitea eta sentsibilizazio kanpainak garatzea daude.

Eskolako Agenda 21 (EA21) 2003. urtean sortutako ingurumen arloko hezkuntzari buruzko programa da. Programa hau gero eta udalerri euskaldun gehiagotan garatzen zen Toki Agenda 21 delakoaren eta ikastetxeetan gauzatzen ziren ingurumen hezkuntzari buruzko programen arteko sinergia da. Ikastetxearen hezkuntza kalitatea eta iraunkortasuna bilatzea du xede, bereziki, udalerriaren iraunkortasunean parte hartuz eta lagunduz.

Zer parte-hartze maila izan du Euskal Autonomia Erkidegoak ekimen honetan?

Alde batetik, 2002-2020 Euskal Ingurumen-Estrategian jasotzen den konpromiso bat da programa, Hezkuntza eta Ingurumen sailek eta Udalsarea 21ek (udalerri sarea EA21ekin) sustatua. Programak 465 ikastetxe biltzen ditu ikasturte honetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), hau da, ikastetxe guztien %65.

Beste alde batetik, ikastetxeari dagokionez, hezkuntza komunitate osoari eragiten dio: irakasleak, programa dinamizatzen dutenak dira; ikasleak, programaren hartzaileak eta protagonistak; eta, azkenik, familiak eta irakasleak ez diren gainerako langileak. Guztien artean, ezarritako helburua lortu nahi dute.

Nola abiarazten da programa hau?

Aipatutako sailek diru-laguntzen deialdiarekin hasten dute prozesua. Ezinbesteko baldintza da udalerria bere EA21 garatzen egotea. Ondoren, ikastetxeetan proiektua dinamizatu eta koordinatuko dituzten pertsonak trebatzen dira, eta proiektuaren bost faseak abiarazten dira: 1) Sentsibilizazioa eta motibazioa; 2) Antolakuntza –bertan, Ingurumen Batzorde bat eratzea aurreikusten da-; 3) Ingurumen arazoak diagnostikatzea ikastetxean eta udalerrian; 4) Ekintza plana, problemak ebazteko; 5) Ebaluazioa eta komunikazioa.

Komunikazioaren atal honetan, Udal Eskola Foro bat egiten da, eta, bertan, ikastetxeak ordezkatzen dituzten ikasleek udal agintariei azaltzen dizkiete aztertutako arazoak konpontzeko zer-nolako konpromisoak hartuko dituzten eta zer eskaera egiten dioten Udalari, udalerriaren iraunkortasuna bermatua izateko. Agintariek eskaerei erantzuten diete edota horiek gauzatzea ezinezkoa azaltzen dute.

Eskolako Agenda 21ek hainbat ekintza garatzea ahalbidetu du. Zein adibide nabarmenduko zenuke?

Sei urteko ibilbide honetan esperientzia azpimarragarri ugari dago. Ikastetxe askotan gero eta baliabide gutxiago kontsumitzen dira, hondakinak hobeto kudeatzen dira, familiek gero eta gehiago parte hartzen dute eskolako bizitzan, irakasleak ez diren langileek gero eta parte-hartze handiagoa daukate zentroaren dinamikan... eta, batez ere, ikasleek beren heziketarako guztiz beharrezkoa duten protagonismoa eskuratu dute. Udal askok ikasleek egindako hobekuntza proposamenak gauzatu dituzte.

Azaroan, EAEko 25 ikastetxe “Iraunkortasunerako eskola” gisa aintzatetsi ziren, autoebaluazio eta kanpoko ikuskaritza prozesu baten ondoren. EA21 programan kalitate esperientziak dituzten ikastetxeak dira. Gizarte mailan, bandera eta plaka bati esker aintzatesten dira, eta, administrazio mailan, berriz, jasotzen duten laguntza ekonomikoari esker.

Esperientzia hauek ikasleei irakasten dizkieten irakaspenen artean, zein esango zenuke dela esanguratsuena?

EA21 programak potentzialtasun handiak ditu XXI. mendeko hezkuntzaren erronkei dagokienez (eraldaketa soziala, iraunkortasuna, demokrazia kritikoa eta parte-hartzailea, aniztasuna eta pluraltasuna...).

Programa honek prozesu etengabe baten eraikuntzarako aldamioak eskaintzen ditu, eta, bertan, bai ikasleek bai hezkuntza komunitateek euren bitartekoez ohartu (eskolakoa eta tokikoa) eta egungo nahiz etorkizuneko ingurumen arazoak ebazteko ezagutzak, gaitasunak, esperientzia eta banaka edo taldeka jarduteko ausardia eskuratzen dituzte, dela ikastetxean bertan edo udalerrian. Gisa honetan, ingurumen arloko hezkuntzaren definizioa eta helburuak modu eraginkorrean betetzen dira.

Bada antzekotasunik Eskolako Agenda 21 programaren eta Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa proposamenaren artean?

Nire ustez, eta gaia sakon ezagutzen ez dudanez, EA21 programaren helburuetako askok Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioko helburuak betetzen dituzte. Merkatu solidarioak, truke-merkatuak, ibaiak edo gune naturalak garbitzea, nagusiek haurrei eskolara laguntzea (pedabus), hirugarren adinekoek tailerretan parte hartzea, hirugarren adinarentzako egoitzetan laguntzea... adibideetako batzuk besterik ez dira. Hala ere, ikasleek udalerriko agintarien aurrean ordezkari gisa jardutea da, nire aburuz, garrantzitsuenetako bat, komunitate osoari mesede egingo dioten hobekuntzak eskatzen dituztenean.

 

Informazio gehiago

www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-19849/es/#
www.zerbikas.es



(c) Edex 2001-2007